Espainiako Zientzia eta Teknologia Sistemaren (SECYT) egituran lau jarduera eremu daude: ikerketa-, garapen eta berrikuntza- (I+G+I) sistema publikoa; I+G+I laguntzeko erakundeak; konpainiak; eta gizartea. Azken urteetan, Espainiako I+G gastua (BPGaren % 1,07 2004an) nabarmen hazi da, urteko % 25 baino gehiago hain zuzen ere, ikerketa-jarduerak zabaltzeko konpromiso publikoei eta pribatuei esker.
Bilbon ESS Zentroa eraikitzearen helburua Espainia bikaintasun zientifikoaren maila gorenetan kokatzea da, Azpiegitura Zientifiko Handien Maparen barnean.
Zientzia eta Teknologia Instalazio Bakarren Mapa (ICTS) ere badago, eta ikerketa-alor ezberdinetan aritzen diren Espainian sakabanatutako berrogeita hamar instalazio baino gehiago hartzen ditu barne. Maparen gaineko hitzarmenak inoiz ez bezalako bultzada ematen dio Espainiako ikerketari.
Ikerketa Erakunde Publikoek (OPI) I+G+I jarduera gehienak aurrera eramaten dituzte finantzaketa publikoarekin, eta sarritan plan nazionaletan sartutako programak kudeatzen dituzte. OPI nagusia Zientzia Ikerketarako Goi Kontseilua (CSIC) da. Badira ere beste zentro batzuk: Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerketako Zentroa (CIEMAT); Espainiako Geologia eta Meatze Institutua (IGME); Espainiako Ozeanografia Institutua (IEO); Nekazaritza eta Elikagai Ikerketa eta Teknologia Institutu Nazionala (INIA); eta Kanariar Irletako Astrofisika Institutua (azken horretan Kanariar Irletako gobernuak parte hartzen du baita ere).
CSIC Espainiako ikerketa-erakunde publiko handiena da, eta 2389 zientzialarik eta graduatu aurreko eta graduondoko 3896 ikerlarik lan egiten dute bertan, unibertsitateekin eta beste erakunde batzuekin elkartutako 134 institututan eta unitatetan banatuta (2006).
CIEMATek ikerketa teknologikoa eta garapen proiektuak gauzatzen ditu, eta erreferentzia-puntu garrantzitsua da. Espainia maila teknikoan eta nazioarteko foroetan ordezkatzen du, eta gobernu agentziei alor horri buruzko aholkularitza ematen die. CIEMATen 1200 pertsona inguruk egiten du lan, eta horietako % 47 unibertsitateko graduatuak dira.